Thursday, April 14, 2016

Eta lurrera begiratzen dut,
ezin naizelako zure begiekin gurutzatu.
Haizea dator,
lurrera begiratzen dut.

Azalaren azpian lotuta dudan ideia zoroena zara,
inoiz amestera ausartu ez nintzen ametsik bortitzena.
Eta ez dakit hitzekin nola dantzatu,
ez dakit nola isildu
barrenak oihuka bota nahi duena.

Saitzen naiz.

Lurrera begiratzen dut,
buruan beti abesti berbera.
Egunak pasa nitzake
zenbat ilargi pasa diren kontatzen,
eta ez nuke inoiz bukatuko.
Batzutan ez dut ongi gogoratzen
nola itzali zenuen egun hartan eguzkia.
Oroitzen dudan gauza bakarra zu zara,
nire bihotzaren taupadak aztoratzen,
inolaz ere ohartu gabe
lurrikara bat sortzen ari zinela
nire txilborraren hegoaldean.

Ez dakit nola begiratu zure aldera,
semaforoko argi gorria
bularrean sartzen zaidan bitartean.

Baina saiatzen naiz.

Agian hauetako egunen batean topatuko gara berriro,
betiko lekuetan,
betiko haizeak ilea kizkurtzen didan bitartean.
Eta nik,
betiko legez,
lurrera begiratuko dut.

Baina Gorkak behin esan zuen bezala,
"espero zaitzaket."

Noiz arte..
hori da galdera.


No comments:

Post a Comment