Euriaren kolorekoa zara,
zelako putada.
Ez dakit badakizun, baina betidanik erakarri nau euriak,
txikia nintzenetik,
oraindik atrakzioaren ondorioak
zeintzuk ziren ez nekienetik.
Eta hemen nago,
berriro euriaren aurrean,
euriaren azpian,
haizeak nondik jotzen nauen asmatu ezinik,
ilea bueltaka
eta bihotza zaunkaka dudan bitartean.
Ez zaitez gehiegi hurbildu.
Mesedez,
ez zaitez gehiegi hurbildu.
Baina bapatean zure ahotsa,
mila abesti buruan iltzatuta,
eta ezin dut beste alde batera begiratzen ari banintz bezala egin,
nire begiek
zureak bilatzen bait dituzte
basamortu erdiko oasi puta izango balira bezala.
Eta orduan
beste inork ikusi ez zaitzakeen moduan ikusten zaitut.
Euriaren kolorekoa zara,
bai,
eta jada ez daukat korrika irteteko intentziorik.
Busti nazazu itsaso bihurtu arte,
mundu guztiko ozeanoak nire begi ninietan kabitu arte.
Ez daukat presarik.
No comments:
Post a Comment