Friday, December 13, 2013

Berri Txarraken Antzokiko kontzertuaren kronika.

KRONIKA
Berri Txarrak taldearen kontzertua, 2013/12/01

Kontzertua abenduaren lehenengo eguneko gaueko bederatzietan hasten zen. Bederatziak hamargutxiagotan nahiko jende zegoen Antzokira sartzeko itxoiten. Kontzerturako sarrerak urritik salduak zeuden, sold out kartela segituan eskegi zuen taldeak. Bete egingo zen. Eta baita bete ere. Goiko palkoa beteta, eskailerak beteta, eta pista zentrala beteta.

Taldea oso puntual atera zen eszenatokira. Bederatziak pasata ziren, baina askotan ohituta gauden atzerapenekin alderatuz, izugarria izan zen hain azkar Gorka eta bere mutilak jendaurrera ateratzen ikustea. Ez zuten denborarik galdu. Lehenengo akordeak entzun ziren Bilboko Kafe Antzokian, Gelauneria. Jaio. Musika. Hil diskako abesti ezaguna. “Betiko zirudien, betirako amaitu da…”, abestiaren lehen lerroa. Momenturako aproposegia, Haria bira-ren azken kontzertua bait zen Bilboko Antzokian eman zutena. Eta hasi eta ez ziren gelditu. Hasieran hiru bat abesti jarraian, arnasa hartzeko ere gelditu gabe. Ikaragarri ongi zebiltzan eszenatokian Gorka, David eta Galder. Kontzertuetan dena ematen duten horietakoak dira, eta horrela egin zuten. Beren abesti klasiko eta ezagunenak izan direnak, hala nola, Oihu, Biziraun, Oreka edo Denak ez du balio, Haria azken diskakoekin nahastu zituzten, oso errezeta eraginkorra sortuz. Jendea hala ere, nahiko geldi zegoen. Mundu guztia edalontziekin, eta bai, oso adi eszenatokira, baina ez mutilekin oso konektatuta. Mugitzea kosta egiten zitzaiela zirudien. Agian igandea zelako, agian aurreko gaueko ajea oraindik gainean zeramatelako. Nork daki. Baina publikoarekin elkarregiten hasi zirenean eta  Gorkak “Andaluzian hau egin genuen eta hobeto egin zuten”, esan zuenean edonork pentsatuko zuen publikoa esnatuko zela. Eta bai, Eskuak ekin konektatu zuten, eta Bizaraun, Ikasten edo Stereo bezalako klasiko handiekin gehiago mugitu zen jendea.  Baina hala ere, ez azken kontzertu batek eskatzen duen adina. Txaloak bai, denbora guztian, baina ez behar bezainbeste oihu eta ez behar bezainbeste mugimendu. Kontzertuan bi momentu bereziki hunkigarri egon ziren. Batetik, Aspaldian utzitako zelda jo zutenean. Sarrionandiaren hitzekin ireki zuten, eta gero abestiak sentimenduak azaleratzen utzi zituen. Eta bestetik, Lilularen kontra, Mikel Laboaren abestia bertsionatu zutenean, bere heriotzaren bostgarren urteurrena zela eta.


Kontzertuak bi ordu iraun zituen, eta taldeak ez zuen ia atsedenik hartu.  Ikaragarria izan zen eszenatokian erakutsi zuten indarra, gogoa eta maisutasuna. Detaile bat bereziki txalotzekoa, Gorkak Ikasten abestiaren harira esan zuena: D ereduan ikasten. Batez ere, handik bi egunetara euskararen eguna izango zelako. Eta orokorrean, kontzertu borobila, bertsioentzako lekua izan zuena, hala nola, Yuksek-en On a train eta lehen aipatutako Laboaren Lilularen kontra, klasikoz beterik egon zena, eta Harira diskako abesti esanguratsuenak ere entzuteko aukera eman zuena, adibidez, Iraila. Ikusi arte abestiarekin amaitu zuten, Gorkak talde tekniko guztiari eskerrak eman eta publikoari “Berri Txarrak entzuten, sentitzen, ulertzen eta maitatzen duzuen guztiei” hitzak eskaini ostean. Benetan kontzertu gogoangarria, biraren amaiera izateko, jendearen aldetik berotasun gehiago faltan bota bazen ere. Ikusi arte Berri Txarrak, espero dugu, berandu baino lehen ikusiko dugula elkar.


Mikele BUSTILLO

No comments:

Post a Comment