Monday, December 16, 2013
Eta euskaldunek euskaraz egiten dute.
Eta horrela izan da beti. Familia erdaldun batean hazia izan nintzen. Aita, enkarterrietakoa. Euskera zer zen ere jakin ez zuena institutoko urteetara iritsi arte. Sekula ikasi gabe. Eta aitite eta amamak ere ez zuten euskara hitz egiten. Aititek bai, bazekizkien euskarazko abesti batzuk. "Aldapeko sagarraren adarraren puntan.." primeran abesten zenuen. Ze polita bere ahoan euskara entzutea. Baina etxean gazteleraz beti. Ama Extremadurakoa, badakizu. Urtetxo bat zuenean nire aiton amonekin eta izebekin batera etorri zen Bizkaiara, baina euskara jakin ez noski. Frankismoak ekarri zituen garai latzak Euskal Herriarentzat bai. Etxean ez bazekiten, eskolan ikasi ezin, ez zelako erakusten. Eta horrela betidanik gazteleraz. Aitarekin, amarekin, anaiarekin. Beti. Txiki-txikitatik. Eta zaila da ohiturak aldatzea. Kosta egiten da. Zaila da gizakiarentzat. Ohituretara lotzen diren animaliak bait gara. Eta kalean bai, egiten nuen. 13 urte bete nituen arte. Orduan hasi nintzen, euskara galtzen. Alde batera uzten. Gazteleraz egiten. Lagun haien ama hizkuntza ez zen euskara. Nirea ere ez. Beraz, hoberen gazteleraz egitea zen. Hori iruditzen zitzaidan. Oker nengoen. Orain badakit. Saiatu izan banintz. Benetan saiatu banintz. Agian beraiek ere oraindik euskaraz arituko ziratekeen. Ez ditut sekula euskaraz egiten entzun. Sekula ez. Inorekin. Eta pena ematen dit. Eta ematen du. Eskerrak unibertsitatean hasi eta atzean utzitako ohitura onak berreskuratzen hasi nintzen. Ez guztiz, ez nahi bezainbeste, baina behintzat orain hitz egiten dut euskaraz. Eta badakit ez dela nahikoa. Gure hizkuntza, Euskal Herriko hizkuntza preziatu hau salbatu nahi badugu, une oro, mundu guztiarekin aritu behar gara euskaraz. Eta hori da nire buruari jarriko diodan helburua. Eta bete behar dut. Lortu behar dut. Begira nire gurasoak. Aita euskaltegira joan zen, ama hizkuntza eskola ofizialera. Aitak orain euskaraz idazten ditu artikuluak, amak euskaraz ematen ditu klaseak. Kostatu zitzaien, baina lortu dute. Hau da hau exenplua ematen dutena. Eta ni gazteleraz egiten. Ez dut aitzakiarik. Beraiek bezala, esfortzua egin, ohitura txarrak kendu, eta euskara sartu behar dut bete betean nire bizitzan. Ni hori bait naiz. Euskalduna. Eta euskaldunek euskaraz egiten dute.
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment