Monday, April 22, 2013


Zu gabe bizitzera ohituta egon beharko nukeela espero zezakeen edozeinek. Denbora gehiegi igaro baita. Agian egia izango da. Baina ez dago, ez bizitza honetan, ezta beste edozeinetan ere, ez planeta honetan, ezta beste edozeinetan ere, zu gabe bizitzera ohitu naitekeela pentsatuko duen nire bertsiorik. Badakidalako, ohiturak azkenean irentsi egiten duela gizakia, baina ohiturak ezin duela bihotzaren barren barrenean sutan dagoena inolaz ere itzali. Badakidalako, zure ausentziarekin bizitzera kondenatua nagoela, igande hartatik aurrera. Baina zu gabe bizitzea ni gabe bizitzea izango litzateke, eta hori ez dakit egiten. Eta edozeinek pentsa lezake zu gabe bizitzen ari naizela, baina ez da egia. Zure presentzia fisikorik gabe bizitzen ari naiz, ¿baina nork esan dezake hori zu gabe bizitzea denik? Esan dezatela nahi dutena, baina zu nirekin zaude, une oro. Eta ni zurekin nago, hasiera hasieratik, inoiz iritsiko ez den bukaerara arte. Hau ez baita betirako, hau gehiago baita.

Ez dakit zure egunak bukatu diren, edo oraindik pozik zabiltzan eguzkiaren izpiek zaintzen zaituzten bitartean. Baina zin dagizut, maitia, nire egun guztiak zurekin izango direla, eta nire irribarre onenak betirako zure izena izango duela. Eta mina beti hemen egongo da, nire alboan. Baina, mina maitasunaren isla besterik ez da. Eta harro daramat zauria. Lehenengo egunetik, lur maite honen azken eguneraino.


No comments:

Post a Comment